miércoles, 11 de enero de 2012

GIPUZKOAN AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDIARAZTEAREN ALDEKO MOZIOA


Urteak dira erakunde publikoetatik ingurumenean, gizartean eta ekonomian izugarrizko eragina duten azpiegitura-lan handien aldeko apustua egiten hasi zirela. Apustu horrek garapen-eredu jakin bat bultzatu du eta, aldi berean, pixkanaka argumentuz hustutako eta itxura hutsean oinarritutako gizarte-eredua ere hedatu da. Herritarron ongizatea eta ingurumenarekiko errespetua ardatz dituen ereduaren alde urteetako lana egin dugun herri-mugimendu eta taldeok Gipuzkoa mailan bat egin eta azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen-ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko informazio, hausnarketa, eztabaida eta mobilizazio dinamika berria jarri dugu abian. Hala, dinamika horren buruan, datorren otsailaren 4an, Donostian, elkarrekin deitu dugun manifestazioa genuke.

Adierazi behar da, Gipuzkoa mailan baterako dinamika bultzatzearen arrazoi nagusietako bat orotariko azpiegitura-lan handien alde, azken hileotan, Gipuzkoan burutu duten kanpaina politiko eta mediatiko bortitza izan dela. Kanpaina horretan, besteak beste, Abiadura Handiko Trena, Errauskailua, Jaizkibelgo superportua edota Hondarribiko aireportuaren hedapena jarri dituzte Gipuzkoaren etorkizuna bermatzeko ezinbesteko elementutzat. Horretarako ordea, ez dute inolaz ere, azpiegitura-lan handi horiek ingurumenean, gizartean eta ekonomian izango lituzketen kalteen inguruko eztabaida sozialik egin, ez eta egiten utzi ere, are gehiago, ekonomia mailan hain ezkorra den testuinguru honetan.

Hala, garapen-eredu jakin hori edota garapena bera zalantzan jartzeko joera handiagoa antzematen ari gara gizartean. Herri-mugimenduek behin eta berriz salatu dituzte “interes orokorraren” izenean batere errentagarritasunik gabe lan-baldintzen prekarietatea bultzatzen duten gutxi batzuen intereseko azpiegitura megalomanoak, eta argi geratu da herri-mugimenduok geure bidea egin eta herritarrak mobilizatzen jarraitu behar dugula, informazioa zabaldu, jendarte eredua aldatu eta egitasmo horiek geldiaraztearen aldeko lanean. Edozein eratan, bizi dugun krisiladi ekonomikoaren ondorioz ere, azpiegituren inguruko eztabaida herrialde guztietan berriro piztu denean, gure ustez funtsezkoa da egungo garapen-eredua aldatze aldera orain arte inoiz burutu ez den gizarte eztabaida hori bultzatzea.


Horregatik guztiagatik .........(NORBANAKOA, ELKARTEA, HERRI-MUGIMENDUA, TALDEA)..................................ren izenean, Udaleko Udalbatzari, honako erabaki hauek har ditzan eskatzen diogu:


  1. Udal honek, otsailaren 4an, larunbata, hainbat herri-mugimendu eta taldek deituta, arratsaldeko 17:30ean, Donostiako Boulevarretik “GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, EREDUA ALDATU: AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!” lemapean aterako den manifestazioarekin bat egiten du eta herritarrei parte hartzeko deia egiten die.

  1. Udal honek bat egiten du ingurumenean, gizartean eta ekonomian sekulako eraginak dituzten azpiegitura-lan handiak geldiaraztea eta horien inguruan gizarte-eztabaida bultzatzea ezinbestekoa denaren ideiarekin eta, beraz, konpromisoa hartzen du bere esku dagoen guztia egiteko herritarrak informatu, eztabaida-guneak ireki eta hitza emateko. Azken urteotan gailendu den politika egiteko moduak herritarrak ikusle huts bihurtzera kondenatu ditu eta herritarrak beren etorkizunaren jabe izan daitezen, erakundeek gardentasuna, zuzentasuna eta parte-hartzea izan behar dute oinarri. Gainera, Udal honek bere buruarekiko ez ezik, azpiegitura-lan handien arloan eskumenak dituzten gainerako erakundeei azpiegitura horien inguruko gogoeta egin eta gizarte-eztabaidari bide emateko eskaera egiteko konpromisoa hartzen du.

  1. Azkenik, udalerrian bertan izan du(t)en eragina dela eta, Udal honek bereziki .................. azpiegitur(ar)en aurrean bere aurkakotasuna adierazten du honako arrazoi hauengatik: ........

Eskaera honen sinatzaileek Udalbatzari akordioa puntuz puntu bozkatzeko aukera ematen diote, hala nahi izanez gero.

No hay comentarios:

Publicar un comentario