miércoles, 11 de enero de 2012

GIPUZKOAN AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDIARAZTEA ESKATZEKO MOBILIZAZIORAKO DEIALDIA:



Hainbat egitasmo erasokorren aurkako herri mugimenduek eta taldeek baterako ekimenak bultzatu eta otsailaren 4ean Donostian manifestazioa deitu dute
Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan eta herritarren ongizatea nahiz ingurumenarekiko errespetua ardatz izango dituen ereduaren alde urteetako lana daramaten herri mugimenduek eta taldeek Gipuzkoan elkarrekin herri-mobilizazio dinamika berria abian jarri eta azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko manifestazio bateratua deitu dute, otsailaren 4ean Donostian. Herri mugimenduen baterako ekimen honek herritarren presioari eta jendartearen mobilizazioari dei egiten die beraz, hain zuzen ere ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era guztietako azpiegitura-lan handien alde presionatzeko azken hileotan Gipuzkoan egiten ari diren kanpaina politiko eta mediatikoari erantzuteko (tartean daude AHTa, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko Metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, e.a.). Horrenbestez, uneotan herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu eta jendarte osoari mobilizatzeko deialdia egin nahi diogu, gure lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko eta egungo garapen-eredua aldatzeko azteraezina den hausnarketa-aldi bat ireki dadin ezinbestekoa den indarra egiteko. Izan ere, gure ustez funtsezkoa da egungo garapen-eredua aldatze aldera orain arte inoiz burutu ez den gizarte eztabaida hori bultzatzea, argi baitago aurkakotasun zabala sortu duten azpiegitura polemiko horiek ez direla herritar bati ala besteari modu isolatuan kalte egiten dioten gertakariak, bere osotasunean hartuta zalantzan jarri behar den garapen eredu baten parte baizik. Gauzak horrela, bizi dugun abadagunean eta krisialdi ekonomikoaren ondorioz ere, azpiegituren inguruko eztabaida berriro piztu denean, “GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, JENDARTE EREDUA ALDATU: AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!” lelo eta aldarrikapen amankomunarekin bat egin dezaten dei egiten diegu herri kaltetuetako biztanleei eta talde guztiei, herri mugimenduei eta erakunde sozial, ekologista, sindikatu, indar politiko eta udal guztiei, denon partehartzea eta sustengua beharrezkoak izango direlako mobilizazio honetan.
Jakina denez, Gipuzkoako lurraldeak, hain neurri txikikoa eta industria-garapen handikoa izanik, azpiegituren hedapen izugarria jasan du iraganeko azken urteen izandako hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren aroan. Azpiegituren hedaketa horrek, lurraldea neurrigabe hiritartzeko eta metropolizatzeko joerekin batera, ingurumen naturalari eraso gogorrak, zonalde erruralen eta nekazaritzako lurren galera, ingurumenaren artifizializazio gero eta handiagoa, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, aldaketa klimatikoan eragin handia, eta orohar, narriadura ekologiko nabarmena jasan duen lurralde txiki honetan eta herritarrengan eragin kaltegarriak sortu ditu, hala-holako irudi-kanpainek eta lorategiz hornitzeko lanek apenas disimulatzeko gai direnak. Aldi berean, aipagarria da egitasmo handi horiek azken urteotan herritarrengan desadostasun zabala eta gatazkak sorrarazi dituztela, nozitutako gardentasun-ezak nahiz gizarte-eztabaida partehartzaileen gabeziak areagotu besterik egin ez dituztenak; izan ere, azpiegitura-lan handiak eraikitzeko egitasmo horiek modu inposatzailean sustatu dira eta ez dute erabakiak hartzerakoan herritarren partehartzea eta kalteturiko udalerrien parte-hartzea kontuan hartzeko gaitasunik izan. Azkenik, azpiegitura-lan handietan eginiko diru-baliabideen xahuketak eta inbertsio itzelek nolako zulo ekonomikoa utzi duten azpimarratu beharra dago, azken aldian egunetik egunera argitara ateratzen ari direlarik inolako errentagarritasunik ez duten hainbat herrilanekin egin diren gehiegikerien eta “pelotazoen” inguruko berriak: zinez, azpiegitura egitasmo handien zuribide ofiziala erretolikazko “interes orokorra”ren izenean eta errentagarritasun sozio-ekonomikoari eta enpleguaren sorrerari dagozkien hipotesi sistematikoki faltsuen gainean eraikia izan da. Lanpostuei gagozkiela, esaterako, Euskal Herriko lan-hitzarmenetatik kanpoko kontratuak dira, 12 orduko lanegunak dituztenak eta lan segurtasun hain eskasekoak non langile ugari hiltzen diren. Hots, azpiegiturei emandako lehentasuna gastu publiko izugarriaren gainean egin da, politika xahutzaile honek eragindako zorpetze larriaren bizkarretik eta ingurumeneko ondareak hipotekatuz, azken batean enpresa-interes jakin batzuei mesede egitearren hainbat gizarte-premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak eta ekonomiako, gizarteko eta kultur arloko beste iharduerek behar dituzten laguntzak zurrupatuz. Prozesu hauek ondorio sozial oso larriak izaten ari dira jada, eta ondorio horiek are larriagoak izango dira etorkizunean, norabidez aldatzen ez badugu, gainean daukagun krisialdi ekonomiko sakona kontuan hartuta.
Testuinguru honetan, ez da harritzekoa azpiegiturei buruzko eztabaida berriro zabaldu bada, jendartean desadostasun handia sortu duten azpiegituren arloko politikak utzitako herentzia gatazkatsuak eta hainbeste gizarte eskaerari erantzuteko baliabideen eskasiak eztabaida hori derrigortzen baitu. Ondorioz, azpiegitura lan-handien inguruan nagusi zen ahobateko adostasun instituzionala pitzatu egin da, eta garapen eredua aldatze aldera orain arte inoiz egin ez den eztabaida sozialari ateak irekitzeko aukera dago. Alabaina, azpiegitura handiak eraikitzeraen etengabeko bide eroan hazi eta ohiko politika desarrollistara moldaturiko klase politikoaren erreakzioa berehalakoa izan da; honi dagokionean, zenbait ordezkari politikok aldarrikapen sozialak insituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituztela salatzen dugu, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen sostengatzaile diren heinean edonolako aldaketa eragotzi eta lurraldearen gainean proiektu txikitzaileen presioa mantendu nahi dutelako, azken batean egite kontsumatuen politikari eusteko eta makro-proiektuak ezartzen jarraitzeko asmoz.
Egoera honen aurrean, herri mugimendu gisa independentziarekin eta erabakitasunarekin ekitea dagokigu egitasmo horiek geldiaraztearen alde, herritarren ekimena eta mobilizazioa bultzatuz. Edonola ere, erantzun guztiak instituzioetan daudela sinestea okerra litzatekeela badakigu, gure ustez, lorpenak inoiz erdiestekotan, lehenik eta behin jendartearen kontzientziaren eta ekimenaren emaitza izango baitira. Hortaz, azpiegitura-lan handiak eta proiektu txikitzaileak gelditzeko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia azpimarratuta.

Gure lurraldean eragiten jarraitzen duten gizarte-ingurumen gatazkak:
Zentzu honetan, gure lurraldean eragiten jarraitzen duten era askotariko gizarte-ingurumen gatazkei buruz ohartarazi behar dugu:
-AHTri dagokionez, zaila da Gipuzkoako lurraldeari eta orografiari gutxiago egokitzen zaion proiekturik aurkitzea, eta desegokitasun horrek bereziki larriak egiten ditu azpiegitura erraldoi honen kostu ekonomikoak eta gizartean nahiz ingurumenean eragiten dituen kalteak, bai obrak egiteko unean eta bai funtzionamenduan. Gainera, esan beharra dago orain arte obretan egindako gastua egitasmo osoan egin beharreko guztiarekin% 15-20 dela gutxi gorabehera; ondorioz, “Euskal Y”-aren obrak gelditzeko erabakia atzeratu beharrean, oraingo unea egokia da azpiegitura megalomano hau gelditzeko. Jaurlaritzak, ordea, 2012. urtean AHTren Gipuzkoako zatientzat 380 miloi euro zuzendu asmo ditu, aldi berean gastu sozialen murrizketa gogorrak iragarri dituen bitartean,
- Zubietako errauskailua dela eta, Usurbilgo Itunak eta herri mugimenduek eskatutako geldirazpena eta luzamendua atzeraezinak dira. Gipuzkoa osoan, geroz eta udalerri gehiagotan atez-ateko sistemaren bidez hondakinen gaikako bilketa sustatu beharko litzateke, eta gaur egungo zabortegi kutsakorrak ixteko aukera emango duen Zero zabor ereduaren garapena bultzatu, horrela hondakinen prebentzioa, birtziklapen erreala eta kudeaketa arrazionalago baten aldeko apustua eginez.
- Jaizkibelgo superportuaren egitasmoa Gipuzkoako kostaldearen aurka burutu nahi duten atentatu ekologiko bortitzena litzateke. Eraikuntza enpresen eta energia sektoreko interesak defendatzen ari dira superportuaren bultzatzaileak, ete bere horretan tematuta jarraitzen dute. Ondorioak, balio goreneko ingurune paregabea suntsitzeaz gain, kostu ekonomiko itzela eta Gipuzkoako gune populatuenetako bat zulo beltz batean bilakatzea lirateke, ondasun kolektiboak, natur baliabideak zein lurzoru publikoak pribatizatuz eta kalteak (ekologiko-ekonomiko-sozialak) gizartearen bizkar utziaz. Superportuari atxikitako Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoak, berriz, balio handiko 180Ha-tako nekazaritzako lur suntsituko lituzke, beharrezkoak ditugun tokiko nekazaritza eta elikadura subirotasuna etorkizunik gabeko hormigoiaren azpian kondenatuz.
- Donostialdeko LZP-PTPak bultzatutako azpiegitura plan beldurgarria ezin ahaztukoa dugu bestalde, zeinak Oiartzungo bailaratik barrena Iparralderaino A-8 autopistaren lerro berria eraikitzeko eta Irungo Olaberrian izugarrizko plataforma logistikoa eta zentral termiko bat jartzeko egitasmoekin bere aurka alegazio kopuru errekorra bildu zuen.
- Zubietan, errauskailuarentzat aurrikusitako kokapenaren ondo-ondoan, gaur egun eraikitzen ari diren makro-espetxea eta poligono logistiko- industrial erraldoia.
- Mutrikuko portuan egin diren lanak, indarrean dagoen ingurumen legeria bete gabe. Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako 10,5 miloi euroko aurrekontua sartu du dikea luzatzeko, lehenengo proiektu teknikoaren porrota kontuan hartu gabe eta inongo bideragarritasun azterketa teknikorik egin gabe. Halaber, inongo errentabilitate sozialik ez duen eta izugarrizko eragin ekologikoak sortuko lituzkeen Mutriku Sasiola errepide berria kosta hala kosta egiteko zenbaitzuren asmoa.
- Azkenik, bat gatoz aurrez aurre ditugun ingurumen-gatazka berrien larritasunaz ohartarazten ari diren ahotsekin: besteak beste, Nafarroatik eta Bizkaiatik Ezkio-Itsasoraino tentsio handiko lineak eraikitzeko proiektuak daude, Araban gasa Fracking izeneko teknikaren bidez ustiatzeko plana, eta DOT-Euskal Hiria lurralde-antolamenduaren gidalerroak berehala berraktibatzeko Jaurlaritzak dituen asmoak, ekologikoki jasangaitza den eta sozialki zalantzan jarritako eredu desarrollista eta neoliberala babesten dutenak.
Ondorioz, esan dezakegu pertsona guztiak garela kaltetuak, bai egitasmo batek edo bestek berariaz sortzen dituen kalteengatik, eta bai denek batera sustatzen duten ereduarengatik ere.

Manifestazioaren aurretiko ekimenak eta aktibidadeak:
Hori denagatik, azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko egingo den ekimen honekin bat egiteko dei egin nahi diogu gizarte osoari. Mobilizazio dinamika honen harira, urtarrilean zehar Gipuzkoako udal guztietan azpiegitura-lan handiak gelditzearen aldeko mozioak aurkeztuko ditugu, kalteturiko inguruneetara martxak egin eta mahai-inguruak eta eztabaidak antolatu. Horrez gain, aldarrikapen hauek lantegi, ikastetxe eta kalera zabaltzeko deitzen dugu. Eta ekimen hauen buruan, manifestaziorako deia egiten dugu, osailaren 4ean, larunbatarekin, Donostian, arratsaldeko 17’30etan Boulevarretik abiatuta, non jende gehien bil dadin behar-beharezkoa izango den, hori baita azken batean, eguneroko lan iraunkorrarekin batera, gure helburuak lortzeko bide bakarra.

AHT Gelditu! Elkarlana.
Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea.
Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea.
PTPren aurkako Oiartzungo taldea.
Mutriku Natur Taldea.
EHNE.

No hay comentarios:

Publicar un comentario